XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Azkenean, ikasiko duzu -esaten zion.

Amak zioenez, mahai gainean ttaka-ttaka eginez, hatzetatik irtenarazten omen dira bizitzak ematen dizkigun kolpeak.

Amarentzat hura errito magiko baten antzekoa zen; hori egitean, hobeto sentitzen zen, barneko larritasunak eta nahigabeak kanporatzen zituen, erritmo azkar bat jartzen zien, eta mendean hartzen zituen.

Bizitzako gertakizunak sailkatzen ari zela zirudien, gauza bakoitza bere lekuan jartzen.

Txikitan hatz elektrikoak zituen; hori zioten behintzat etxean.

Ingurukoak konturatzerako, inork espero ez zuen zerbait egiten zuten haren hatzek, tximista baino bizkorrago.

Behin, esate baterako, tiobibo batera igo zuten, eta beste haur baten alboan zebilen jiraka.

Azeri larruzko lepokoa zeraman emakume batek (alboko haurraren izebak), paretik igarotzen ziren bakoitzean, alboko haurrari maite-maite egin nahi izaten zion, oihuka eta keinuka. Ilobagana makurtzen zen itzuli bakoitzean; orduan, azeri larrua zintzilik geratzen zitzaion, eta bi haurrei aurpegia jotzen zien.

Lepokoa leun-leuna zen, baina neskatoari amorrua ematen zion aurpegian jotzen zuen bakoitzean.

Halako batean, keinu azkar batez, lepokoari heldu, eta airean askatu zuen gero.

Azeri larruzko lepokoa airean joan zen tiobiboko auto txikien gurpilen azpiraino.